13/05/2008
EEEk Energia-ikerketa Kooperatiborako Zentro berria abian jarri du Araban
Energia-ikerketa Kooperatiborako Zentro berria abian jarri dute Miñanoko Teknologia Parkean, Izan ere, Ana Aguirre Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak zentro berria (CIC energiGUNE) eta zuzendari nagusia, Jesus María Goiri jauna, aurkeztu ditu. Zuzendari horrek bideratuko du Eusko Jaurlaritzak energia alorrean egindako apustu handienetakoa: energia-iturri alternatiboen punta-puntako ikerkuntza.
Energia-ikerketa Kooperatiborako Zentro berriak, CIC energiGUNE izenekoak, energiaren arloko punta-puntako ikerketa garatzea ahalbidetuko du. Horretarako, energiari lotutako teknologia berriztagarriak ikertu eta garatzeko instalazioak eta laborategiak eraikiko dira. Ana Aguirrek “energia baliabide urriak edo mugatuak dituen gurea bezalako herri batean energia-ikerketaren garrantzia” nabarmendu du. Ildo horretatik, axola handiko eremu teknologiko hauek landuko dira: bioerregaiak, erregai-pilak, goi-tenperaturako eguzki teknologia termikoak eta itsas energiarekin zerikusia duten teknologiak, olatuen energia ustiatzeari begirako teknologiak nagusiki. Azken batean, energia arloko zientzia ahalmena garatu eta biltzeaz gain, hirugarren belaunaldiko teknologia alternatiboak sortu nahi dira.
Hori guztia behar bezala aurrera eramateko, Miñaoko Teknologia Parkean eraikiko diren instalazioetan teknologia handiko laborategiak egingo dira.
Era berean, Euskadin energia alternatiboen esparruan diren baliabideak eta ahalmena osatzeko eta hobetzeko asmoz, zentro espezializatuen sare bat eratuko du CICek, ezagutza elkarrekin sustatu eta partekatzeko eta haren berri elkarri emateko. CIC birtual horrek enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate eta energiaren alorrean diharduten zentro guztien interesak eta ahaleginak biltzearekin batera, nazioartean erreferentzia izango diren lankide estrategikoen sarea eratu eta sendotuko du.
Ekimen edo proiektu honen helburua da enpresetara bideratzea sortuko den ezagutza guztia. Hartara, maila handiko berrikuntza teknologikoa sortuz, euskal enpresei onurak ekarriko dizkie lehiakortasunaren ikuspuntutik. Aldi berean, energia alorra sendotuko da eta kualifikazio handiko enplegua sortuko da. Izan ere, energiGUNE zentroak berak Euskadiko zientzia eta teknologia esparruko ikertzaile kopurua handitzea ekarriko du .
7 Ikerketa Kooperatiborako Zentro dira Euskadin
Energiaren CIC berriarekin batera, dagoeneko, Euskadin 7 Ikerketa Kooperatiborako Zentro daude: Manufacturing-eko marGUNE, Turismoko tourGUNE, Biozientzietako bioGUNE eta biomaGUNE, Mikro eta Nanozientzietako mikroGUNE eta nanoGUNE Zentro horiek eratzean, besteak beste, nazioarteko zientzialariak eta ikerlariak Euskadira ekartzeko daukaten ahalmena eta nazioartean zehar ezagutza zabaltzeko gune gisa duten ahalbidea hartu da kontuan.
Jarduera sektore guztien lehiakortasuna hobetzeko, CIC guneek bi ekarpen nagusi egingo ditu: alde batetik, lankidetzari esker lortzen den ikerketa ahalmen fisiko eta birtuala handitzea; eta bestetik, merkatura hurbiltzeko bidea ematen duena, enpresen presentzia aktiboa adierazten duena.
Aipatutako helburuak betetzeko, 2010 urtera arte, 30 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da CIC energiGUNE abian jarri eta bideratze aldera. Guztira, 3E-2010 Energia Estrategian energia berriztagarriei lotutako inbertsioak 1.083 milioi eurora iristen dira, baliabidearen 977.800 tpb aprobetxatzea ahalbidetuko dutenak. Beste modu batera esanda, energia-iturri berriztagarrien bidez ase edo betetzea gure energia-eskariaren %12.