2010/07/01
Naturgas Energía gasa garraiatzen hasi da Bergara-Irun gasbidearen azken zatian, eta 70 miloi euroko inbertsioa egin du, guztira
Bilbon, 2010eko uztailaren 1ean.- Naturgas Energíak 28 miloi euro inbertitu ditu Bergara-Irun gasbidea bikoizteko hirugarren eta azken zatian. Zati hori 35 km luze da. Zati hori eraikitzeko fasea maiatzean amaitu zen, eta gasa atzo sartu zen, maiatzaren 22an jaso baitzuten abiatze-akta. Legeak eskatzen du akta hori, gasbidea martxan jarri ahal izateko.
Hirugarren zatiaren ibilbidea —dagoeneko bukatua dagoena— Gipuzkoako bederatzi udalerritatik igarotzen da: Villabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Oiartzun eta Irun.
Villabona eta Irun arteko zatia, hirugarrena eta azkena
Orain dela ia urtebete hasi zen Naturgas Energía Villabona eta Irun bitarteko zatiko lanak egiten. 35 kilometroko luzera du zati horrek, eta 28 milioi euroko inbertsioa eskatu du. Aurreikusitakoa baino zenbait hilabete lehenago amaitu du konpainiak hirugarren zati hori; hala, dagoeneko amaituta dago Bergara-Irun bidearen bikoizketa, konpainiaren epe luzerako inbertsio-planean sartzen zen azpiegitura estrategikoa.
Gasbide berriarekin, Gipuzkoako aurreko sarearen saturazio-arazoa konponduko da, eta, era berean, mesedegarria izango da Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko gas-trukerako.
Bergara-Irun: Euskadour gasbidearen bigarren fasea
Naturgas Energíak orain arte egin duen eraikuntza-lan handiena da Bergara-Irun gasbidearen bikoizketa, eta aurreko sarearen paraleloan egin da. Konpainiak hiru zatitan banatu du proiektua: lehenengoa Bergara eta Zaldibia artekoa da, bigarrenak Zaldibia eta Villabona lotzen ditu, eta azkena Villabonatik Irunera iritsiko da.
| ERAIKITZEKO ZATIAK | Kilometroak | Inbertsioa (Milioi eurotan) |
|---|---|---|
| Bergara-Zaldibia | 30 | 21 |
| Zaldibia-Villabona | 25 | 21 |
| Villabona-Irún | 35 | 28 |
| Guztira | 90 | 70 |
Bergara-Irun gasbidea bikoizteko lanek Euskadour gasbidearen bigarren fasea osatzen dute. Gasbide horrek lotzen ditu Naturgas Energíaren sareak Frantziako TIGFren sareekin (Total Infraestructures Gaz France). Azpiegiturak 90 kilometro ditu, eta, guztira, 70 milioi euroko inbertsio-aurrekontua izan du.
Espainiako iparraldearen eta Frantziako hego-mendebaldearen energia-hornidura ziurtatuko du Euskadour gasbideak; hornitze-iturriak dibertsifikatuko ditu, Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko gas-trukea ahalbidetuko baitu, eta Iberiar Penintsularen eta EBko gainerako herrialdeen artean dagoen konexio-defizita gainditzen lagunduko du.
Izango dituen 318 kilometroek 240 miloi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko dute, eta Bilboko portuko Bahia Bizkaia Gas-en birgasifikazio-instalazioa eta Lussagnet-eko lurpeko biltegia (Frantzian) lotuko ditu.
EUSKADOUR GASBIDEA
[D]
Naturgas Energía
Naturgas Energíak gasez eta elektrizitatez hornitzen ditu enpresak eta herritar partikularrak, bere azpiegitura propioekin, bederatzi autonomia-erkidego hauetan: EAE, Asturias, Kantabria, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroa. Espainiako merkatuko bigarren gas-banatzaile nagusia izateaz gain, gas-garraiolari ere bada Taldea, eta gasa eta elektrizitatea saltzen ditu. Bezero-kopuruari dagokionez, hirugarren komertzializatzaile nagusia da.
Naturgas Energía, gas-horniketan, nagusi da Euskal Autonomia Erkidegoan, Asturiasen, Kantabrian eta Murtzian, eta bigarren elektrizitate-operadorea EAEn. 1.031 milioi euroko negozio-zifra eta 120 milioiko irabaziak izan zituen 2009an, eta 9.000 kilometrotik gorako gasbide-sarea du. Bigarren garraiolari primario nagusia da, eta EDP Taldeko HC Energíako kide.
Gehiago