2008/11/12
Naturgas Energíak bere gain hartu du Gas Meridaren kontrola
Merida, 2008ko azaroaren 12a.- Naturgas Energíak bere gain izango du gaurtik aurrera Extremadurako Gas Merida banatzailearen kontrola. Energiaren Batzorde Nazionalak eta Konkurrentziaren Batzorde Nazionalak onartu ostean, gaur sinatuko dute akordioa. Juan Ramón Arraibi Naturgas Energíaren Negozio Arautuen zuzendari nagusiak eta Roberto Vázquez gaur arte Gas Meridaren —eta haren bi enpresa akziodunen, hau da, Iniciativas Emeritenses, S.A.ren (akzioen % 51) eta Extremadura 2000 de Gas, S.A.ren (akzioen % 49)— ordezkari-kontseilari izan denak sinatuko dute gaur, Meridan egingo den ekitaldi ofizialean, enpresako akzio guztien transferentzia.
Gas Merida enpresak gas naturala hornitzen du, eta egoitza soziala Meridan du, Extremadurako Autonomia Erkidegoko hiriburuan. 2001ean hasi zuen bere jarduera, eta, gaur egun, 100 kilometroko sarea eta hazkuntza-potentzial handia ditu. 2007an, 1,7 miloi euro fakturatu zituen.
Erosketa-eragiketa hau Naturgas Energíak iragarri zuen hazkuntza-estrategiaren barruan sartzen da, eta 15 milioi euroko kostua izan du. Estrategia horrek inbertsio errentagarriak aprobetxatuz enpresa haztea aurreikusten du, baita enpresarentzat ohikoak ez diren merkatuetan ere, hala nola Extremaduran. Hala, enpresak zortzi autonomia-erkidegotan ditu azpiegitura propioak. Naturgas Energíak negozioa hazten lagunduko dioten inbertsio gehiagoren bila jarraituko du.
Hazkuntza-aurreikuspen handiak
Azken bi hamarkadetan hazkuntza handiena jasan duten hiriburuetako bat da Merida. 60.000 biztanle ditu jada, eta, aurreikuspenen arabera, etengabe hazten jarraituko du. Horretarako arrazoiak, beste eragile batzuez gain, azpiegituren garapen planifikatua, bizitoki berriak eta parke industrialak dira.
Naturgasek Meridako herritarrei eta enpresei kalitatea eta zerbitzu hobea bermatuko dizkien zerbitzua emango die; haiek izango dira Taldeko gainerako enpresen arteko sinergien onurak eta Espainiako merkatuko bigarren operadore integral gisa dugun esperientzia jasoko dituztenak. Halaber, Extremaduran gauzatzen ari diren hirigintza-proiektu berriak gasez hornitzeko behar diren azpiegiturak ezarriko ditu Naturgas Energiak. Hori dela eta, datozen lau urteetan Meridako sarean 3,8 milioi euro inbertitzea aurreikusi da.
Naturgas Energía Taldea
Naturgas Energiak gasez eta elektrizitatez hornitzen ditu enpresak eta herritar partikularrak, bere azpiegitura propioekin, zortzi autonomia-erkidego hauetan: EAE, Asturias, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroa. Espainiako merkatuko bigarren gas-banatzailea da Taldea, eta gasa garraiatzen eta banatzen du merkatu arautuan; merkatu liberalizatuan, berriz, gasa eta elektrizitatea saltzen ditu.
Naturgas Energía gas-horniketan liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Asturiasen, eta bigarren elektrizitate-operadorea EAEn. 1.009 milioi euroko negozio-zifra izan zuen 2007an, eta 5.600 kilometrotik gorako gasbide-sarea du. EDP Taldeko Hc Energíako kide da.